Nafarroa Oinez bueltan da – Diario de Noticias de Navarra

Hilabete baino gutxiago falta da Ikastolen jaia ospatzeko, irailaren 16 eta 17an

2021an, Nafarroa Oinez itzuli egingo da. Aurten, asteburu moduan, urriaren 16 eta 17an, eta Lizarra hiriko puntu zehatzetan, ibilbide itxirik gabe, jendetza sortzea saihestuz. Beste era batera esanda, osasun-krisiak eragindako egoerara egokitzeko, segurtasun neurriak zorroztasunez bete beharko baititugu. Horrexegatik, antolatutako jardueretan parte hartzeko, aldez aurretik Oinezen webgunean izena ematea ezinbestekoa izango da; eta hori da, hain zuzen, besta bi egunetan ospatzeko arrazoia: ahalik eta jende gehiena parte hartzea ahalbidetzea, baina segurtasuna lehenetsi eta bermatu eta gero.

Pandemia dela eta, bi urteko lana izan da eta etengabe aldakorra izan den egoera batetan murgilduta, Lizarra Ikastola osatzen dutenen -familiak, langileak, ikasle ohiak, lizartarrak, merindadeko bizilagunak…- euskararekiko konpromisoa berretsi dutena. Orain, ospatzeko momentua iritsi da. Baita azterketa egiteko unea ere. Izan ere, aspalditik, Nafarroa Oinez ez da egun bateko jardunaldi batera mugatzen, urtebeteko ekimena da.

Txikiak Handi horren adibide garbia da, Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolak 2009an ospatutako Nafarroa Oinez ekimenari lotutako leloa izan zen. Andra Mari Ikastola txikia da, ikastola osatzen duten herriak txikiak dira, Euskal Herria txikia da eta euskara hizkuntza gutxitua da. Baina sendoak, indartsuak eta etorkizun handikoak ere gara eta horixe izan zen 2009an zehar Nafarroa Oinezen bitartez aldarrikatu nahi izan zena. Andra Mari Ikastola Europako hizkuntza txikien enbaxadore bilakatu zen, Txikiak Handi manifestua sortu zuen eta herrialde txikien sarea sortzeari ekin zion txiki askoren loturak indarra ematen duelako.

Gerora, 2010etik aurrera, Txikiak Handi proiektu egonkor bilakatu zen. Lizarra Ikastolak, azken bi urte hauetan Nafarroa Oinezen gidari izan denak, Txikiak Handi manifestuarekiko atxikimenduak eskuratzeko kanpaina abiarazi zuen irailaren 6tik eta 19ra bitarte, non zerrendako pertsona bakoitzak, bere sinadurarekin, euskara eta euskal kultura aldarrikatzeaz gain munduko gainontzeko hizkuntza gutxituekiko ere bere babesa adierazi du. 700 baino gehiago batu ziren, haien artean, Estellerrian, Lizarrako alkatea den Koldo Leoz, Andrea Barnó olinpiar medallista edo Oier Sanjurjo Osasuna Club Atletikoko kapitaina. Baina ez dira bakarrak, Nafarroa osoko sinadurak biltzen dira -Iruñea, Aiegi, Elizondo, Bera, Cintruenigo, Alesbes…-, Euskal Herria osatzen duten lurralde guztietakoak -Hernani, Donostia, Gasteiz…- eta munduko hainbat tokitakoak: Los Angeles, Bartzelona, Hegoafrika, etab. Mundu globalizatuan ere, hortaz, bada lekua hizkuntza gutxituentzat; eta, garrantzitsuagoa dena, euskara normalizatu daiteke, eta, beraz baita kitxua, korsikera, valentziera… eta abar luzea ere. Dena den, bada oraindik lana egiteko. Horregatik, manifestua urte osoan sinatu ahal izango da, kanpaina honen aurretik ere egin zitekeen bezala. Lizarraren ekarpena adierazpen honek defendatzen eta aldarrikatzen duen guztia zabaltzea eta bultzatzea izan da.

Halaber, Lizarra Ikastolak, aurten, 2008tik aurrera eramaten den Oinez Basoa ekimena hartu du bere gain, Estellerrian, bertako bioaniztasunaren berreskurapenaren alde. Horretarako, Antzin, Barindano eta Lizarrako udalek akordia sinatu dute 10. basoa eratzearren. Barindanon, tokiko makalak, haltzak, hurritzak, basaranak, elorriak eta beste landare ba-tzuk landatuko dira; Antzinen, eremuak hartuko duen landaketaren zati batetan, eskualde osoko haurrek naturaren ikasketa eta interpretaziorako gune bat izago dute; eta, Lizarran, mehatxu pairatzen dituzten saguzarren kontserbazioa berma-tzeko, Los Llanos parkean beraien-tzat diseinatutako habi bereziak jarriko dira.

Ikastolen jaia, beraz, urriaren 16 eta 17an ailegatuko da berriro, baina Nafarroa Oineza ez da azken bi urtetan geldirik egon. Pausoz pauso ekimen ezberdinak aurrera eraman ditu eta urriko asteburua bi urte hauetako lana ospatzeko eta itxiera bikaina emateko balio izango du, baita Tafallari lekukoa modurik onenean pasatzeko ere. Azken finean, hegoak zabaltzeko eta HEGAN OINEZ!

LEER  Los técnicos de Enfermería de Navarra retoman su calendario de movilizaciones

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *